Euskal Girotze Barnetegiak

Azalpena

“Barnetegia aukeren lekua da”

Euskararen erabilera areagotzea edota euskararekiko jarrerak eraldatzea ez da gai sinplea. Errealitatea konplexua da eta ezin da sinplifikatu, eta konplexua den errealitate edo gai batek ezin du eraldaketa errazik izan. Askotan, errealitate konplexu hori kanpotik aldatzen saiatzen gara. Kanpotik eraldatzeko, sariak edota zigorrak erabili behar dira, baina horrek min eta arazo handiak ekar ditzake; gainera, lortzen diren aldaketak azalekoak eta iraupen laburrekoak dira. Benetako eraldaketa barrutik kanpora egindakoa da. Horrela eginda bakarrik izango da aldaketa sakona eta iraunkorra. Presionatu gabe pertsonei eta taldeei aukerak eskaintzea da gure lanaren ardatzetako bat.

Etengabeko esperimentazioa da gure lanaren motorra. “Zertarako?” galdetu behar dugu, egiten dugunaz kontziente izan, eta probak egin: “probatzen duenak badaki, probatzen ez duenak ez.” Gure metodologia zalantzan jartzea eta egiten duguna kuestionatzea ere gure jardunaren beste ardatzetako bat da. Zalantza da berrikuntzaren iturria. Zalantza bai, baina beldurrik ez. Zalantzak aurrera egiteko balio dezake, beldurrak ez. Beldurrak blokeoa ekar dezake. Ikasi eta jakin beharko genuke zalantza eta beldurraren arteko tentsioa kudeatzen. Kezkak eta zalantzak hurrengo pausora eramango gaitu: berrikuntzara eta sormenera. Guk erakusteko daukaguna da ez daukagula ezer erakusteko, egiten duguna zalantzan jartzea dela bidea. Bidea egitea da bidea. Bakoitzak berea. Sistema-ikuspegi batetik begiratuta, aldaketa txikiek gerora garrantzi handia izan dezakete.

Gizakiok bihotza, gorputza eta burua dugu: sentitu, bizi eta adierazi egiten dugu. Lortzen baldin badugu ikasleek bizitutakoa sentimenduekin eta emozioekin lotzea, horrek eragina izango du haiengan. Hurbiltze fisikoa eta afektiboa lortu nahi ditugu, afektua ezinbestekoa baita hizkuntza bat erabiltzeko garaian. Barnetegian eraldaketa-prozesu bat bizitzeko aukera eskaini nahi dugu, norbanakoak eta taldeak bere prozesua jorratu dezan. Horra hor gure beste ardatzetako bat.

Pertsona erdigunean jarri nahi dugu eta harengana iritsi, norbanakoa bere osotasunean onartu, izaera eta hizkuntza desberdinak errespetatu, ezagutu eta baloratu. Pertsona aske eta osoa dugu helburu. Ikasle, irakasle eta taldeei esan nahi diegu: “zu inporta zatzaizkit.” Lortu nahi dugu haiek konturatzea guri euskara inporta zaigula, baina haiek hizkuntza baino gehiago inporta zaizkigula. Eta hori goxo egin nahi dugu. Gehiago lortzen da ezti pixka batekin ozpin askorekin baino. Hori ere ardatza da guretzat.

"Ahaztuko dute esandakoa, inoiz ez sentitutakoa"

Dokumentua Barnetegien metodologia txostena

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza Saila)
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza
Euskara Zerbitzua
Donostia - San Sebastián Kalea, 1
01010 Vitoria - Gasteiz
Tf.: 943 02 29 43 / 945 01 83 45
Eusko Jaurlaritza NolegaUlibarri Programa