Non gaude?

Non dago barnetegia?

Mapa handiagotu

Barria Araba ipar-ekialdean dago, Ozaeta eta Zalduondo herrien arteko erdibidean, Ulibarriko urtegitik gertu eta Gasteiztik 24 kilometrora. Bertara iristeko, N-1etik bagoaz (Agurain eta Gasteiz artean), N-1 utzi eta Ozaetako irteeratik abiatuta Maturana, Ozaeta, Hermua eta Axpuru herriak pasatu behar ditugu.

Barria abeltzaintza giroko herri txikia eta lasaia da, hamahiru biztanle baino ez dituena. Herria inguratzen duten mendiak mila metrotik gorakoak dira, Urkilla eta Elgea dira hango mendikate nagusiak. Barriatik gorako maldetan hainbat zuhaitz mota hazten da: haritza, pagoa, pinua, gorostia, artea, ametza...

Hango basoetan basurdeak, orkatzak, erbiak, azkonarrak eta beste hainbat ugaztun txiki bizi dira; handik gertu dauden urtegien inguruan, berriz, hegazti handiak: ubarroiak, zikoinak, lertxunak eta ahateak. Euskal Herriko bi isurialdeen (Kantauri eta Mediterraneoa) arteko mugaren azpian dago Barria, Barrundia ibaiaren ondoan eta izen bereko bailararen barruan (geografikoki). Administrazioari dagokionez, berriz, Barria herria San Millan udalerriaren barruan dago.

Bailara honek aukera ederrak eskaintzen ditu ibilaldiak egiteko, oinez eta bizikletaz. Bisita interesgarriak egiteko ere hainbat toki daude: Lizarragatarren jauregia Larrean (El Bolo izenekoa), Gebarako gaztelua eta jauregia, Zalduondoko museoa, Aizkorripeko San Adriango tunela eta Agurain Erdi Aroko herria, besteak beste.

Barriako Euskal Girotze Barnetegia
San Bernardo, 8
01208 Barria (Araba)
Telefono zenbakia: 945 317 131 – 656 784 522
Posta elektronikoa: barria@barnetegiak.eus
Nolega    Eusko Jaurlaritza XHTML 1.0 Transitional válido ¡CSS Válido!