Euskal Girotze Barnetegiak

Euskara eta ni: ibaia

Euskara eta ni: ibaia

Dinamika-mota: Hizkuntza: euskara

Zer lantzen da: • Taldea osatzea. • Norberaren bizipenak gizartean kokatzea.

Adina: DBH

Iraupena: 80 minutu

Partaide kopurua: Talde txikia

Materiala:

Margoak, errotulagailuak, koloretako paperak, guraizeak…

Azalpena:

Ibaiaren ariketa luzea eta sakona da, aurrera begira datu eta elementu asko ematen dituena.

Taldekideei eskatuko diegu ahalik eta erosoen jarri eta begiak ixteko. Horrela daudela, testu bat irakurriko diegu: Euskara eta ni. Testuak lagunduko die ikusten euskarak beren bizitzan egin duen ibilbidea. Horregatik, poliki eta isilune asko eginez irakurri behar da, isilune horietan pentsatzeko aukera emanez. Nahi izanez gero, musika jar daiteke.

Testua irakurri ondoren, oroitzapenen bidez egindako bidaian ikusi dutenaren inguruan hausnartzeko eskatuko diegu; haien memorian mugi daitezela, gaurko egunera iritsi arte.

Ondoren, begiak irekitzeko eskatuko diegu, eta Euskara eta ni ibaia marraztuko dugu. Bakoitzak, nahi duen tokian jarrita, papelografo txuri batean “Euskara eta ni: Ibilbide historikoa” marraztuko du. Ibaiaren irudia erabiliko dugu marrazkia egiteko, eta norberaren bizitzan euskararekin izan dugun harremana, bizipenak, sentimenduak islatuko ditugu bertan. Arestian egindako memoria-ariketan ikusi eta sentitu dituzten une eta gauza guztiak jasotzeko eskatuko diegu, eta denak ibaiaren irudian txertatzeko.

Ibaiaren marrazkia bukatu ondoren, nork bere ibaia aurkeztuko du taldekideen aurrean. Taldea handiegia ez bada, talde osoaren aurrean egingo da aurkezpena. Handiegia izanez gero, talde txikitan banatuta egingo da sozializazioa.

Sozializazioak, norberaren ibaiaren azalpenak, behar adinako sakontasuna izan behar du, oso azaleko azalpen arinak saihestuz. Horretarako, lagungarri gerta liteke lehendabiziko azalpena dinamizatzaileak berak egitea, edo ariketaren nondik norakoaz jabetuta dagoen norbaitek.

Ibaiak sozializatu direnean, entzundakoaren inguruko ondorioak aterako dituzte. Besteak beste, honako galderak plantea ditzakegu:

- Zein dira aurkeztutako ibaien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak?

- Nola baldintzatu dute ibaia, kulturak, generoak, garaiak, politikak…?

- Zenbateraino daude norberaren esku edo gizartearen esku ibaietan gertatutakoak?

- Zenbateraino eragiten du testuinguruak?

Ondorioak talde handian kontrastatu eta jasoko dira.

Oharra:

Adibide jakin honetan ibaia “euskara eta ni” gaia lantzeko erabili dugu, baina beste hainbat gai lantzeko ere erabil liteke, modu berean.


Jaitsi dinamika PDF formatuan Jaitsi Dinamika

« Aurrekoa Hurrengoa »

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza Saila)
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza
Euskara Zerbitzua
Donostia - San Sebastián Kalea, 1
01010 Vitoria - Gasteiz
Tf.: 943 02 29 43 / 945 01 83 45
Eusko Jaurlaritza NolegaUlibarri Programa