Euskal Girotze Barnetegiak

Azalpen historikoa

2010ean Euskal Girotze Barnetegien 25. urteurrena ospatu genuen. Egun hartako ospakizunean, bost barnetegietako orduko monitore guztiak elkartu ginen, baita aurretik ibilitako batzuk ere.

Bestelako edozein urteurren-ospakizunetan bezala, barnetegiotako begiraleok ere egun hura iragana oroitzeko baliatu genuen, emandako urratsez gogoratzeko.

Egun hartan Euskal Autonomia Erkidegoko geografiako hainbat herri elkartu ziren gure oroitzapenetan: Euba, Gaztelu, Alkiza, Plentzia, Elgoibar, Segura, Espejo, Barria, Urduña eta Lemoiz. Herri horietan denetan egon baita barnetegia, Euskal Girotze Barnegien historiako uneren batean.

Lehenengo barnetegia 1985ean sortu zen Bizkaiko Zornotza udalerriko Euba auzoan. Atzerago jo beharra dugu, hala ere, barnetegien jatorrira iritsi nahi badugu: barnetegien sorrera ekarri zuten lege eta erabakietara.

1982. Azaroaren 22ko Legeak dioenez, euskararen erabilera arautzekoak, ikasleek derrigorrezko ikasketak bukatzen dituztenerako bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ahoz eta idatziz, behar bezala ezagutu behar dituzte.

1983. Abuztuaren 1eko Aginduak dioenez, Hezkuntza Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu eskola giroan euskararen erabilera bermatzeko.

1985. Aurreko lege eta aginduak oinarri hartuta, ekainaren 17ko Aginduz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Girotze Barnetegiak eratzea erabaki zuen.

1985. Irailean lehenengo barnetegia zabaldu zen Euban (Zornotzan).

1988. Eubako barnetegiaren emaitza onak ikusita, Sailak bigarren barnetegia zabaltzea erabaki zuen. Gipuzkoako Gaztelu herrian kokatu zuten.

1990. Barnetegiak bidea egiten ari ziren. Ordurako proiektua sendotuta zegoen. Eta Sailak barnetegien sareari egitura finkoa ematea erabaki zuen: maiatzaren 29ko Dekretuak barnetegien sorrera eta jarduera arautu zuen. Urte hartako ekainaren 19ko Aginduak zehaztu zuen barnetegietako langileen osaera, eta lanpostuak betetzeko merezimendu-lehiaketarako deialdia egin zuen.

1990. Alkizan hirugarrena ireki zuten. Barnetegien sarea osatzen ari zen.

1990. Ordura arte Euban egondako barnetegia Plentziako aterpetxera pasatu zen.

1991. Laugarrena iritsi zen. Aurrekoetan bezala, barnetegiak mendi aldera jo zuen, baserri batean zabaldu baitzen. Elgoibarren izan zen, hango Aubixa baserrian.

1996. Segurak ateak zabaldu zizkion bosgarren barnetegiari. Era horretan, osatuta geratu zen bost barnetegiko sarea; geroztik, horretan geratu baita kopurua.

1997. Urte hartan Barnetegien Antolamendu Batzordeak bost eguneko egonaldi batzuk egitea erabaki zuen, proba moduan, Alkizan eta Plentzian. Ordura arte, lehenengo barnetegia sortu zenetik, egonaldiak 12 egunekoak izan ziren, bi aste jarraian, tarteko asteburua barne.

1998-1999. Bost eguneko egonaldien probak egin eta haien balorazioa ontzat jota, 1999-2000 ikasturtetik aurrera egonaldi guztiak bost egunekoak izan dira barnetegietan.

1999. Ikasturte hartan, barnetegien sareak Araba aldera jo zuen, Espejora. Ordura arte Gaztelun egondakoa ordezkatu zuen Espejokoak. Lurraldetasunaren ikuspegitik, orekatu egin zen pixka bat barnetegien sarea.

2005. Espejoko aterpetxean egin beharreko obrak zirela eta, barnetegiak aterpetxe hura utzi eta Barriara jo zuen. Barnetegiak Arabako lurretan segitzen zuen.

2009. Espejon gertatutako gauza bera gertatu zen Plentzian: hango aterpetxea eraberritu egin behar zutela-eta barnetegiak beste batera jo behar izan zuen, Urduñakora.

2011. Urduñakoa, nolanahi ere, behin-behineko urratsa izan zen barnetegien historian. Han bi ikasturtez egon ondoren, barnegiak Lemoizera jo zuen, Lemoizko Goikomendi baserrira.

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza Saila)
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza
Euskara Zerbitzua
Donostia - San Sebastián Kalea, 1
01010 Vitoria - Gasteiz
Tf.: 943 02 29 43 / 945 01 83 45
Eusko Jaurlaritza NolegaUlibarri Programa