Euskal Girotze Barnetegiak

Hizkuntzaren trataera

Barnetegietan hizkuntzaren alde ez formalean zentratzen gara. Ez diogu hizkuntzaren zuzentasunari erreparatzen, komunikazioa lehenesten dugu. Gure lan-gaia hiztunaren hizkuntzarekiko jarrera da, eta badakigu hori oso errealitate konplexua dela, eta ezin duela eraldatze errazik izan. Osotasunaren ikuspegia behar dugu. Euskararekiko jarrera eraldatu dadin, beste arlo eta gai batzuk ukitu eta mugitu behar dira. Hizkuntza bat edo beste erabiltzea afektibitatearekin oso lotuta dagoen hautua da, afektuekin eta kontzientziarekin. Horregatik, hizkuntzarekiko harreman afektiboan eragin behar dugu. Horrela hobetuko dugu haien jarrera. Iruditzen zaigu jatorriz euskalduna ez den hiztunaren ama-hizkuntza onartzetik etor daitekeela, haren kultura baloratzetik, berak gurea onartzea eta baloratzea. Gu ez gara ibiltzen haurren atzetik “egin euskaraz” behin eta berriz errepikatzen.

Gure helburua da ikasleak entzule izatetik hiztun izatera pasa daitezen. Ikasleek hitz egin dezaten, aukerak eta egoerak sortu behar ditugu, modu ludikoan. Baina badakigu barnetegian lortutako erabilerak ez duela ziurtatzen horrek gerora jarraipena izatea. Horregatik, erabileran baino gehiago hizkuntzarekiko jarreran zentratzen gara, jarreraren eraldaketan. Horretarako, hiztuna eta taldea jarri nahi ditugu erdigunean, ez hizkuntzaren erabilera. Hiztunaren jarreren sorreran dauden osagaiak hausnarketagai jartzen ditugu: sinismenak, aurreiritziak, pentsamendu mugatzaileak... Hausnarketa horietatik sor daitekeen eraldaketa bai izan daiteke sakona eta iraunkorra.

Prozesu honetan pazientzia pedagogikoaz jokatu nahi dugu. Batzuetan, emaitzak azkar lortu edo ikusi nahi izateagatik pertsona behartzeko arriskua dago; eta hori ez da ona, ez guretzat, ez euskararentzat. Lasaitasuna emateak egin gaitzake erakargarri besteentzat. Euskararen gaira ez dugu hurbildu nahi ez galeratik, ez tentsiotik ezta frustraziotik ere. Egokiagoa da satisfaziotik hurbiltzea, alde positibotik gerturatzea, irabazteko aukera ematea. Euskararen inguruan hitz egiten ari garenean, harremanez ari gara: hartu eta eman; ez diogu hizkuntza inori saldu nahi. Eta hau guztia euskaraz egiten dugu, euskara entzun eta erabiltzeko aukera eskainiz, hizkuntza minorizatua elkarbizitzarako tresna baliagarria dela erakutsiz.

Hiztun kontzienteak lortu nahi ditugu, kontzienteagoak behintzat. Hori lortzeko prozesuan zentratzen da gure lan egiteko modua. Euskaraz hitz egitea ala ez, ez da hautu indibidual soila. Erabaki horretan kolektibitateak indar handia dauka. Erabilera gizarte-gaia da eta, beraz, bi planoak uztartu behar dira: norbanakoa eta taldea.

Guk ez dugu pertsona aldatu nahi. Euskararekiko duen harremana jarri nahi dugu aldaketa-bidean. Horregatik, hizkuntzarekiko harreman afektiboa berariaz zaindu behar dugu. Euskaraz aritzea arau izatetik noberaren printzipio edo oinarri izatera pasatzea da gakoa. Lehen “zenbat egin duzu euskaraz?” galdetzen genien, orain nahi dugu esan dezaten: “euskaraz egin nahi dut”. Baina erabaki, norberak erabakiko du, bakoitzak bere erritmoan.

Dokumentua Barnetegien metodologia txostena

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza Saila)
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza
Euskara Zerbitzua
Donostia - San Sebastián Kalea, 1
01010 Vitoria - Gasteiz
Tf.: 943 02 29 43 / 945 01 83 45
Eusko Jaurlaritza NolegaUlibarri Programa