Euskal Girotze Barnetegiak

Zer gara?

"Barnetegian ondo tratatua sentitu naiz." (Malen). "Euskaraz ere ondo pasa daiteke." (Antton). "Talde bat garela konturatu naiz." (Itsaso). "Monitoreak ez ditut inoiz ahaztuko." (Aimar). "Ulertu dut zer den euskara." (Maria). "Orain hobeto ezagutzen ditut gelako lagunak eta irakaslea." (Iñaki). "Ama, oso pozik ibili naiz barnetegian, datorren urtean ere joan nahi dut." (Ane).

Esaldi horiek barnetegietan egondako ikasle batzuek esanak dira. Baina…, zer dira Euskal Girotze Barnetegiak?

Euskal Girotze Barnetegiak Euskal Eskola gara, euskaldunon eskola; eta lanean han dihardugunok ere bai. Gurean ez dugu testu libururik, ez da egiten azterketarik, baina eskola gara. Eskolaren parte bat eta, era berean, eskola guztientzako laguntza-zerbitzua. Laguntzeko gaude; eskolan euskarak bere tokia izan dezan normaltasunera iristen laguntzeko.

Euskal Eskolak ikasleari euskararen ezagutza ez ezik, hura erabiltzeko aukera ere eman behar dio. Hitz egiten ezin da ikasi hitz egin gabe. Igeri egiten ikasi nahi duenak igerilekuan nola, horrelaxe murgildu behar du euskararen uretan, euskaraz hitz egiten ondo ikasiko badu behintzat. Eta jakina, guk lagundu egin behar diogu euskararen erabileraren uretan murgiltzen.

Horretarako, haurra girotu egin behar dugu, erakarri, hurbildu. Hurbiltasunetik bakarrik eman dakiokeelako beharrezko berotasuna, bere gogoa hauspotuko duena. Bere lekuan jarrita bakarrik ulertuko ditugu bere nahi eta ezinak, haren zalantzak, haren gogoa. Enpatiatik.
Horretarako daude Euskal Girotze Barnetegiak: ikaslea girotzeko, euskaraz girotzeko. Eskolatik atera eta, barnetegian, aparteko etxe eta giro batean, bestelako giro batean murgiltzeko, barneratzeko, euskaraz eta euskaratik.

Barnetegietan jolastu egiten dugu, … eta sentitu, gozatu, hitz egin, komunikatu, abestu, motibatu, berba egin, dantzan, mozorrotu, lagundu, mintzatu, hausnartu, mendian ibili, natura ezagutu, harritu, alaitu, irribarre egin, maitatu, saiatu, hizketan jardun, errespetatu, bizi...

Horiek denak dira barnetegietako aditzak. Euskal Girotze Barnetegietan hori dena egiten baitute ikasleek; eta, horrela, euskararekiko harreman berri bat atzematen dute, girotu egiten dira eta euskara barneratzen dute. Guk gerora fruitua eman dezakeen hazia ereiten dugu. Horretan saiatzen gara behintzat.

Eta ahalegin hori eskolatik datorkigun irakaslearekin batera egin nahi dugu, eta egiten dugu. Barnetegiko gure lanak indar handiagoa du, han abiatutako prozesuak eskolan jarraipena baldin badu. Eta horretarako, bistan da, irakaslearen konplizitatea ezinbestekoa dugu. Barnetegiko monitoreok ikastetxeko irakaslearekin eskuz esku egin behar dugu girotze lana, taldearen izaera kontuan izanda eta ikasleen premietatik abiatuta. Eta hori, ondo, irakaslearekiko lankidetzarekin bakarrik egin daiteke.

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza Saila)
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza
Euskara Zerbitzua
Donostia - San Sebastián Kalea, 1
01010 Vitoria - Gasteiz
Tf.: 943 02 29 43 / 945 01 83 45
Eusko Jaurlaritza NolegaUlibarri Programa